Hua Zui Ba izeneko panda hartzak bi kume erditu zituen atzo. 28 urtetan Espainian jaio diren lehenengo pandak izan dira. 150 gramo inguru pisatu du bakoitzak, eta oraindik ez dakite arra ala emea diren. Panda hartz emea artifizialki intseminatu zuten pasa den apirilaren 25ean, Bing Xing izeneko panda hartz arraren haziarekin.
Kumeak, jaiotzen direnean itsuak izaten dira, eta beren azaleko kolorea arrosa izaten da, hilabete beranduago espezie honen bereizgarri den txuri-beltz kolorea hartzen duten arte.
Orain arte, Chulin panda hartza zen Espainian jaiotako bakarra, 1982an. Eta 1996an hil zenetik, 11 urte igaro ziren espezie hau Madrilgo Zoologikoan berriro ere ikusi ahal izan zen arte. 2007an iritsi ziren Txinatik, Bing Xing (Izotzezko izarra) arra eta Hua Zui Ba (Aho koloreztatua) emea, eta ordutik, parkeko albaitari eta zaintzaileen lehentasuna hauen ugalketa izan da. Azkenean, urte honetan, lortu dute helburua. Bideoan erditzea ikus dezakegu:
Ohikoena kume bakarra erditzea izaten da, baina gero eta ohikoagoa da bi izatea, intseminazio artifizialaren ondorioz. Bikiak izaten dituenean, amak ahulena baztertu eta hiltzen uzten du, bestearen biziraupena ziurtatzeko. Arrazoi honegatik, parkeko albaitari eta zaintzaileek kumeak etengabe txandakatuko dituzte, hartz amak biak elikatu ditzan konturatu gabe.
Panda hartzen ernalketa oso zaila izaten da, gatibutasunean bizi diren %10ak besterik ez du lortzen era naturalean. 2.000 panda hartz baino gutxiago geratzen dira mundu guztian: 1.600 aske Txinako eskualde menditsuetan, eta 300 baino zertxobait gehiago gatibutasunean bizi dira munduko beste lekuetan. Europako hiru zoologikotan soilik aurki dezakegu espezie hau: Berlinen, Austrian eta Madrilen.
Duela hilabete batzuk, 2010ean zaindu beharreko espezieen zerrenda osatu genuen, eta horietako bat Panda handia zen, gogoratu ezazu artikulua.
No hay comentarios:
Publicar un comentario